XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

111. Zutabe batera nahiz bitara egin daitezke leihoak.

Osotasun sintaktikoa behar dute, eta puntuaz bukatzen dira.

Leihoan inoren esana agertzen denean, tituluetan bezala egin: izena, bi puntuak, eta esana komatxo artean.

112. Leihoen luzea neurtu egin behar du kazetariak.

Zutabe bakarrekoak 70-100 karakterekoak izango dira, eta bi zutabekoak, 110-160koak.

Tartekiak

113. Tartekiak artikuluaren gorputzean tartekatuta doazen titulu txikiak dira.

Gaztelaniaz 'ladillo' esaten zaie, eta frantsesez 'intertitre'.

Tartekiek informazioa arintzeko balio dute, eta beraz erabilera testuen luzerari lotuta dago.

Hiru mila karakteretik gorako testuetan erabiliko dira.

Orrialdearen diagramazioaren arabera, bi milakoetan ere tarteki bat jar daiteke.

114. Tartekiak hiru hitzekoak dira, maiuskulaz idazten dira, eta ez da komeni 8-9 letra baino gehiagoko hitzak erabiltzea.

Osotasun sintaktikoa beharrezkoa ez badute ere, ulergarriak eta anbiguotasunik gabekoak izan behar dute.

Bukaeran ez dute punturik.

Lau hitz ere izan daitezke batzuetan, lau hitzotako bi, batuta, hitz luzeena baino laburragoak direnean: 'OSASUNAK / OVIEDON / GALDU DU', 'KOHL ETA / MITTERRAND / ADOS'.

Laburrak

115. Laburrak zutabe bakarrean joango dira beti.

Goitik beherako osoa hartuz gero, lau albistez osatzea da egokiena.

Albiste bakoitzak pantailako sei lerroko luzera izango du.

Zutabe osoaren luzera bi mila inguru karakterekoa da.

116. Diseinuaren ondorioz, tituluek garrantzi berezia dute laburretan.

30-40 karaktereko luzera dute eta hasierako hitza maiuskulaz idatziko da; (...).